XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paula hitz totelka aritzen da eta sentidu haundirik gabe mugitzen ditu eskuak.

Ez zuen, orain artean, horrelakorik egin.

Eta aztarka ere aritzen da.

Ile beltz ugariko buruan aztarka, eta ile mataza engominatutik tiraka ere aritzen da.

Hankak aztarkatzen ditu, eta baita besoak ere, zornea izango balu bezala.

Ez du bere burua lehen bezala zaintzen.

Janda dauzka atzazkalak ez da orrazten, zikin-zikina darama erropa....

Baina, okerrena, nagusirik gabeko txakurraren itxura hori da, babes falta hori... Ezin dut ulertu.

Joan zen neguan hemen egon zen pare bat hilabetez, bere gurasoek bidaia ugari izan zituztelako.

Damiano Milanotik etorri zitzaidan egun batzuk pasatzera, baina neska harro eta borrokari gisa portatu zen, etengabe xaxatzen zuen mutila eta ia haserretu ginen mutila eta biok, Damianok, noski, ez bait zeukan zertan Paula eraman beharrik.

Kaskoak jarrita zeramatzan egun osoz.

Astindu egin behar izaten nuen arreta jar zezan.

Eta kaskoak kentzen zituenean, desiratzen hasten nintzen berriro jar zitzan, gupidarik gabe hasten bait zen kritikatzen nik egiten nuen edozein gauza, etxera etortzen zitzaidan jendea, hemen esaten zena....

Nire lagun guztiek, edo gehienek, zergatik gordetzen nion pazientzia guzti hura galdetzen zidaten: Baina, emakumea, bakarrik bizi zara, (...).